DEPORTIVITY_2.jpg

Arabako Futbol Federazioak bat egin du kadete mailako futbolean balioak sustatzeko

2022/09/23 - Besteak
Aurrez aurreko tailerrak eta on line tresnak izango ditu. 64 kadete taldek hartuko dute parte.

Vital Fundazioak, Arabako Foru Aldundiak, Kirolaren Euskal Eskolak eta Arabako Futbol Federazioak bat egin dute oinarrizko futbolean balioak sustatzeko ekimen berri bat abian jartzeko: sakrifizioa, entrega, laguntasuna, zintzotasuna... Kadete mailako lehiaketara bideratua, programak hiru zutabe nagusi ditu eraginkorra izateko: prestakuntza, ebaluazioa eta esku-hartzea. Aurreikuspenen arabera, 2.000 pertsonak baino gehiagok hartuko dute parte zuzenean eta zeharka.

 

Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibañez de Opacuak, Kultura eta Kiroletako foru diputatu Ana del Valek, Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendari Gorka Iturriagak, Arabako Futbol Federazioko presidente Kepa Arrietak eta Gesto Deportivo erakundeko zuzendari Alfredo Saenzek aurkeztu dute ‘Deportivity’ ekimena.

 

Kiroltasunaren bidez garapen pertsonala lortzeko eta oinarrizko futbolean indarkeria saihesteko, lehenengo fasea prebentzioari buruzkoa izango da. Aurrez aurreko tailerren bidez, Gesto Deportivo erakundearen eskutik eta app bat erabiliz, kirolariak, entrenatzaileak nahiz kirol-ingurune osoa baloreetan heziko dira, eta jokalarien gurasoak ere inplikatuko dira.

 

Guztira, 2.000 pertsonak baino gehiagok hartuko dute parte programan, zuzenean edo zeharka: 64 kadete talde, 1024 jokalari, 64 entrenatzaile eta ehunka guraso eta tutore.

 

Proiektua bat dator Vital Fundazioaren jarduera-printzipioekin, Arantxa Ibañez de Opacua zuzendariak azaldu duenez. “Kirolak pertsonen osasun fisikoan eta mentalean dituen onurak defendatzen ditugu, eta oinarrizko kirola edo prestakuntza-kirola bultzatzearen aldeko apustua egiten dugu, bertan, jokoaren arauak baino askoz gehiago ikasten baitute. Honako balio hauen garrantzia azpimarratu nahi dugu: talde-lana, berdintasuna, lankidetza, lidergoa, diziplina, konpromisoa, gainditzeko grina edo arrakastaren eta porroten kudeaketa ona. Azken batean, kiroltasunaren balioa”.

 

 

Nola erabiltzen da Deportivity?

 

Denboraldiko partida bakoitzaren ondoren, entrenatzaileak eta epaileak izango dira puntuazio-sistema baten bidez ikusitako kiroltasun-maila app-an kalifikatu eta erregistratzeaz arduratuko diren eragileak, eta ezin izango dute inoiz autoebaluaziorik egin. Horrela, puntuazio-ranking bat osatzen da klub bakoitzaren kirolaren berezko balioetan oinarrituta.

 

Rankingeko azken postuetan agertzen diren eragileek (programan eta haren inguruneetan parte hartzen dutenek), hau da, gainerako eragileen aldetik puntuazio txikiagoa lortzen dutenek, prebentzioko lehen tailer bat jasoko dute. Era berean, partiduren batean kiroltasun-faltak edo jokabide desegokiak hautematen badira, programan esku hartzeko tailerrak aurreikusten dira, inplikatutako eragilea hezi edo berrezteko.

 

Kirolaren balioei eta gainerako agenteen bizikidetzari eragiten dien jokabide errepikatua dagoen kasuetan, eta inplikatutako pertsonarekin elkarrizketa-fase bat izan ondoren, ‘Deportivity’ taldeak tailer baten bidez jardungo du zelaian bertan. Tailer hori benetako partida bat balitz bezala emango da, eta frustrazioarekiko, komunikazioarekiko eta kasu bakoitzean eragin berezia duen edozein alderdirekiko tolerantziaren garapena sustatuko da.

 

‘Deportivity’ hilabete honetan jarriko da martxan, eta 2023ko maiatzean kirol-denboraldia amaitu arte egongo da martxan. Kluben % 100ek dute deskargatuta aplikazioa euren gailuetan.

 

 

 

Itzuli

Emaitzak

 beste txapelketen emaitzak
*Behin-behineko emaitzak gorriz
Google Play App Store